OIARTZUN - ARDITURRI

14:30

Distantzia: 15,2 km
Desnibela: 150 m.
Bide mota: Joan-etorria bide beretik.
Zailtasuna: Baxua. Eskuzko gurpil-aulkian joatekotan bidegorrira sartzeko lehen aldapan eta meatzeetara iristeko azken aldapan laguntza behar dezake. Bestalde, esan, igoera jarraia dela. Hala ere ondo baliztatua eta egokitua dago. Zenbait kasuetan errepidea gurutzatu behar da.
Sarbidea: Eskuzko eta elektrikoak diren gurpil-aulkiak, Joëlette nahiz norabide-barrarentzako irisgarria.
Kontuan hartzekoa: ----

IBILBIDEA
0.00: Alcampo saltoki-guneko aparkalekuaren atzealdetik bidegorrirako lotura topatuko dugu. Behin hemen, eskuinera bira egin, eta lurrazpitik birritan pasa ondoren aldapa txiki bat igoko dugu Oiartzungo Arragua auzotik datorren bidegorriarekin bat egin arte. Behin bidegorri honetara iritsita bidea jarraituko dugu 7,4 kilometrotan zehar.
0.10: Bide botaniko baten sartzen gara Ugaldetxoko auzoan hasita Altzibarreraino.
0.50: Naturarekin bat lan eta lan dabilen erroten artetik adibide hain garbia den Ugarte errotaren albotik pasatzen gara.
1:10: Errepidea gurutzatzen dugu berriz ere bidegorrian barneratzeko alboan Fortaleza jatetxea uzten dugula.
1.40: Arditurriko meategira iritsi gara.


KULTURA
Intxixuak garrantzi berezia du Oiartzungo mitologian. Nolanahi ere Intxixuaren jatorria, izaera eta itxura zein den ez dago batere argi eta behin baino gehiagotan eztabaidatu izan den gaia da.

Dakigunez, Intxixuaren jatorria aztertzeko ahaleginak 1916an egin zituen orduko apaiza zen Florencio Portuk. Argitaratu gabeko eskuizkribuan dioenez, sorgina emakumea zen eta intxixua haren gizona, azti moduko bat.

Antza denez, pertsonai misteriotsu bat topatu zuten Arditurrin. Meatzari batzuk topatu zuten zeharo motelduta: “ahaleginak egin genituen berarekin hitzegiteko, euskaraz, gaztelaniaz eta baita frantsesez ere baina ez genuen lortu”. Denborarekin argaltzen joan zen eta azkenean hil egin zen. Oiartzuarrek oso argi zuten: Intxixua zen aurkitutako pertsonaia, ordu arte inork ikusi izan arren denek zuten haren berri.

Gertaera honen harira Intxixuari buruzko esamesak indar handiagoz hedatu ziren herritarren artean. Badirudi, halaber, gertaeraren oihartzunak izan zuela eragina On Manuel Lekuonak urte batzuk geroago eginiko ikerketetan.

On Manuelentzat Intxixua pertsonaia misteriotsua zen, sorginaren gizona beharbada. Bere iritziz, intxixu hitza gaztelaniazko hechizo hitzetik zetorren. Era berean, Lekuonak zioenez, oiartzuar batzuen ustez, mairu-baratzeak intxixuen hilerriak ziren eta Arditurriko meategiak ere haiek eginak ziren:

“Ezkutatzen dira baina haien abestiak entzun daitezke. Harkaitz zuloetan bizi dira, aberastasunez inguratuak eta ez dituzte herritarrekin harremanak kultura desberdinekoak direlako.”

Gero, Luis de Uranzu historiagilea izan zen Intxusuaren jatorriaz arduratu zena. Horretarako Arditurri inguruan baserriz baserri intxixuari buruzko informazioa jasotzen. eta jakin izan dugu elkarrizketa haietan jasotako informazioaren arabera, Arditurri inguruko baserritarrek eginiko deskribapenean Intxixua pertsonaia txikia zela (1,20m gutxi gora behera) argala eta ile askokoa. Batzuek inguruko mendietatik korrika dabiltzan iratxo gisa ere deskribatu zituzten. Era berean, aberastasunez inguratuak bizi zirenez, bitxigile trebeak direla esan izan da.

Nolanahi ere, batzuen arabera Intxixuak eta jentilak berdintsuak ziren garai batean. Izena bereiztearekin batera, ordea, Intxixuek ezaugarri propioak ere bereganatu omen zituzten. Barandiaranek, esate baterako, bi pertsonaien arteko antzekotasuna azpimarratu zuen.

Intxuxuari buruz esaten da ere, azal beltzarana, bizarduna eta gorputz iletxua duela eta oso indartsua dela. Indarra, ordea, gauez bakarrik omen du. Mundu basatiaren ordezkaria izaki gizakiak eraikitako zibilizazioaren kanpo bizi da Intxixua.

elkarrekin ibiliaz askoz hobe

0 Iritzi